XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

MUNDUAN ZER BERRI? Veneziako baietza, sexuaren inularra?, asfaltu gorria

L'EXPRESS aldizkariak Veneziako bileran desarme-tratuak egiteko Reaganek Mendebaldeko kideengandik hartu duen baimena azpimarratzen du.

Baietza eman diote baina... beren erreserbak egin ondoren.

Aurrerapen ekonomikoaren funtsezko motorea demokrazia delakoan sendoturik itzuli omen da etxera bilerakide bakoitza.

Aurrera eraman omen liteke Ekialdekoekiko akordioa baina giza eskubideak errespetatuko dituzten garantiarekin eta herrien arteko elkarrizketa sakontzeko promesapean.

Modu bitxi samarra Reaganek aurkitu duena mezu hau Gorbatxovi adierazteko: Genesis rock-taldeari entzuten zeuden Ekialdeko berlindar gazteen ia oihu bera egin du hormaren aurrez-aurre: Behera murrua!.

LE NOUVEL OBSERVATEUR frantsesak sexua amaitu egin ote da? galdetzen digu.

No sex in the eighties oihu egiten omen zuten punkiek, HIESaren aurretik, kastitatea ikurtzat erabiliz.

Adio esan behar ote zaio atseginari eta ongi etorri egin samurtasuna eta fideltasunari? Iraultza sexuala ez da ia 70. urteetan zen hura, baina 80. urteetako kontrairaultza sexuala ere ez omen da pentsa zitekeena.

Egia esan, badirudi beste zenbait alorretan bezala, artaldean jokatzeko aroa pasatzen ari dela eta ez dagoela atzera-joerez gehiegi hitzegiterik: jokabide pertsonalizatuak ari omen dira nabarmentzen, zenbaiten iritziz.

Frantziako zenbait datu: 2.000 urtean sexualki heredatzen diren gaitzak %30-40 ugalduko dira.

Emakumezkoen %60 antzutasun-kasu klamidiaren ondoriozkoak dira: urtean 450.000 kasu.

Japonian urtero 576 milioi kondoi saltzen diren bitartean, Frantzian 60-80 bakarrik (%7 erabiltzaile bakarrik).

Pildorak aldiz aurreko urtean baino %10 gehiago saldu dira (18 milioi kaxa). Mutikoen %40ak eta nesken %30ak adin-nagusitasunera iritsi baino lehen egin du maitasuna lehendabiziko aldiz.

Urtero 17 urtez beherako 13.000 neskatila geratzen dira haurdun, erdiek ez bait dute erabiltzen inolako antisorgailurik.

Frantsesen % 10arentzat bakarrik du grabedadea leialtasunik ezak.

NEWSWEEKek TIME kidearen bide beretik jotzen du eta Volcker-en ondotik Reaganek hautatu duen bere dirugizon berriaren aurpegia erakusten digu, hots, Alan Greenspanena, baina hori, irribarrerik gabe.

Etorkizun beltzaren susmoak? Gainerakoan, Gorbatxoven militar-garbiketa, tamilek hil dituzten 32 fraile budisten sarraskia, Aita Santuaren Poloniarako bidaia eta HIESaren aurka ikerketan ari diren zientzigizonek Washingtonen izandako bileraren oihartzun ilunskak nabarmentzen dira albisteen artean.

DER SPIEGELek Alemaniako autopistetan gero eta jende gehiago hiltzen dela eta trafikoan hildakoen lautik bat 25 urtez azpikoa dela salatzen du.

Petrolio-krisiak, basoen satsuduraren aurkako kanpainak eta abiadura-mugaketak kontrolpean eutsi omen die istripu-kopuruei, baina berriro hesiak kendu direnean asfaltu gaineko sarraskien itzulera omen dator.

1970. urte inguruan gertatu zen hilkintza eta zauritu-kopuru handienak (19.193 hildako, 165.784 zauritu larri, 367.358 zauritu arin) eta harrez gero grafiken kurbak beheraka joan dira ezbehar hauek erdi baino gutxiago izatera lortu delarik, baina azken aldiko estatistiken arabera berriro igotzeko joera nabarmena erakusten dute.

Zifra triste bat: hiltzen direnen banaketa adinaren arabera eginez gero %29,8 18 eta 24 urte bitarteko gaztejendea da.

Hortik gorako eta beherako adinekoen hilketak ia erdira jaisten dira.

UNE honetan alemaniarrek gehien irakurtzen dituzten bi liburuek maitasuna dute gaitzat: García Marquezen El amor en los tiempos del cólera eta Norwooden Emakumeek gehiegi maite dutenean deritzana.

Eros eta Thanatos, gizakiaren horizonte.

X. MENDIGUREN.